Aurora boreala: zeru-lurretan ederragorik ba ote?

Neguko gau polar hotz amaigabea. Laponian gaude, edo Groenlandian, edo Alaskan apika. Ilun da, baina oskarbi. Ortzian izarrak ageri dira, keinukari. Bapatean, nola ez dakigula, aurora ageri da, “iparraldeko argia”, zeruko oihal koloreanitza, naturak eskain dezakeen ikuskizunik
liluragarrienetakoa. Forma desberdinak, tamaina aldagarriak, kolorezko uhin ibiltariak. Orain bertan, orain urrun, argi sorginak zerua du jolastoki. Ioiak, magnetosfera, deskarga elektrikoak, … diote adituek. Baina ikuskizunaren ederra, argi horren xarma, ezin dute zientzilariek azaldu.
![]() |
| Aurora gorria. Aurora-mota hau ez da oso arrunta, baina bai ikusgarria. Baldintza berezitan aurora-mota hau iparraldean ezezik latitude ertainetan ere ikus daiteke. (Argazkia: V. Hessler). |
Aurora boreala (baita australa ere) gure planetan ikus daitekeen fenomenorik ikusgarrienetakoa da. Haren edertasun paregabea nekez da deskribatzen. Ikusi egin behar da. Aurorak antzina piztu zuen gizakien arreta. Haren nola-halako deskripzioak Itun Zaharrean, Seneka filosofo erromatarraren testu batean eta Europako Erdi Aroko literaturan daude. Eta, jakina, iparraldeko kulturetan, ahozko tradizio aberatsa duten eskimoek, athabasca indiarrek, laponiarrek, groenlandiarrek eta Asiako iparraldeko tribuek aurorari buruzko alegiak belaunaldiz belaunaldi transmititu dituzte.
Kultura horietan zeruko argi misteriotsuak, gertu-gertuko fenomenoa izanik, oso errotuta daude. Historian zehar, zenbaitetan, aurora ohizko latitudeez haraindi ikusi ahal izan da, Italia eta Frantziako populazioak ikaratuz. Izan ere, latitude ertainetatik ikus daitekeen auroran kolore gorria osagai nabarmen eta nagusi izan ohi da eta Europako populazioak odolarekin eta batailekin lotzen zuen, gertatu beharreko ezbehar eta kalteen iragarletzat zutelarik.
